XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Orduan zera erabaki zuen, zelatan jarri eta lapurra harrapatzea.

Hirugarren gauean lo itxura eginez geratu zen zuhaitzaren azpian.

Ez zeraman denbora asko norbait hurbiltzen nabaritu zuenean.

Azeri bat ikusi zuen begi bat apur bat irekiz.

Azeria, Emudek lotan zegoelakoan, itzal bat bezala ibili zen hormatik, mingranondora hurbildu eta batere hotsik egin gabe igo zen zuhaitzera.

Emudekek jauzi bat emanez, azeriari buztanetik heldu zion oihuka hasten zen bitartean:

- Nola ausartzen zara nire fruituak ohostera!

Jipoi ederra eman behar dizut!

Baina azeria oso maltzurra zen.

Gorputz guztia bildu eta salto bat emanez ihes egin zion Emudeki, honen eskuetan azeriaren ile batzu besterik ez utziz.

Emudekek, guztiz atsekabeturik, ez zekien zer egin.

Ez zituen bere mingrana gozoak gizonen gogotik bakarrik babestu behar, orain azerien asmoetatik ere gorde behar zituen.

Nola zainduko ote zituen?

Bere auzokoak, agurea berau, hain kezkaturik ikusirik, zera galdetu zion:

- Zer gertatzen zaizu?

Zergatik zaude hain goibel?

- Azeria bera ere etortzen da nire fruituak lapurtzera.

Horrela jarraituz gero, aurten ez dut nire fruituen erdia ere jasoko - erantzun zuen, penaturik, mingranondoa seinalatuz.

- Azeriak harrapatzeko tranpa bat egiten irakatsiko dizut - esan zion agureak - .

Lapiko batean goma prestatu.

Gero, zuhaitzaren ondoan zabaldu.

Horrela, azeria zure fruituak hartzera baldin badator atzera, lurrean geratuko da itsatsirik.